XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ongi etorri egiterako, bere gainean zonbait hitz:
nola ditazke, gure barnean sendimendu hobeak pitz?
Herria hola maitatzea gaur diote ez dela bortitz,
etxea ere, andre ta lore gabe delarik, da murritz,
herria ere, berdin litake, plaza maitea ez balitz.

Goizean goizik eguzkia da agertua arrabotan,
haize hegoa ere epelik, guzien goxatzekotan;
amets ederren egin arazle izana zira askotan,
gure haurñoak ere zugana etortzen dira pilotan,
ta zuk emanik zoin amultsuki pilota hartzen besotan.

Batzuk pilota izanki eta ez dutela arrabotik,
bertziek berriz arrabota ba, eta berdin ez pilotik;
halere denak plaza maitera etortzen dira gogotik,
galtza xuriak ikusi nahiz pilota baten ondotik;
nork ez du jada senditu plazak eman omore berotik?.

Pilota zer den erraiteko nik ez baitut aski ahalik
gai eder hori utzi beharko dut bertzendako zabalik.

Eskual jokorik ederrena da, hori ez diot apalik;
lasterkatzaile miresgarria, ez dauka bertze itzalik,
xoria bezain erne badoa, alta ba ez du hegalik.

Pilotaria galtza xuritan plaza erdira da jali, zer esku zartak! zer parioak! ilundara da uzkali...
Eskuin da ezker, pilota zauku, bihotz berotzen ibili,
deskantsugarri, altxatzailea, zure egintza da bali,
Gure tristurak nahi ditugu, irripar goxoz estali!.

Gogo bihotzen pausatzailea, akiduren eztitzaile,
lan artetako lasaigarria, buru minen goxatzaile,
irri luzeen asmatzailea, bozkarioa emaile,
gure eskualdun nortasunaren laguntza ta hedatzaile,
hasarrearen aztaparretik gizonaren libratzaile.